LARRU HAIZETARA

SEXUA...

LARRU HAIZETARA sexu-terapia kolektibo bat da.

Sigmund Freud-ek esan zuen "euskal-sexoa" sintagma kontraesanguratsua zela bere terminoetan, "borobil-karratua" edo "funtzionari-kementsua" diren bezela. Guk, "Ez dok Hiru" Bikoteatro konpainiak, arazoa aztertu nahi izan dugu ikuspuntu erabat zientifikotik.

Ez gara lehenak, hala ere. Arquímedes-ek ezarria zuen bere garaian oraindik indarrean dagoen lege fisiko bat, erderaz ezagunagoa egiten zaiguna: "La ley de vascos comunicantes: Euskaldunak, infinitoraino iritsi arren sekula gurutzatzen ez diren linea pareleloak dira"

Mendetako madarikazio horren kontra egiteko sortua da LARRU HAIZETARA. Ikuskizun honek "lehen-gero" nabarmen bat markatuko du euskaldunen sexu jarreren kontuan.

LARRU HAIZETARA barre-terapeutikoa da, dibertigarria, zorrotza, eta modernoa, baina batez ere BEHARREZKOA.

Izan ere, euskaldunak oso atzeratuta gaude sexu kontuetan. Joan zaitez Londresera, zer daramate idatzita neskamutilek alkondaretan? "I love sex". Edo joan zaitez Parisera : "Je suis un machine sexuel". Joan zaitez Sevillara: "Nasío pa ligar" Joan zaitez Cadizera: "Nasío pa bacilar" Joan zaitez Azpeitiara: "Nazio... eztabaidagunea"

Gainera, onar dezagun euskera hizkuntza maitagarria izan arren nazioarteko kontestuan pisu gutxi duela (oraindik). Edonon esan daiteke "Voulez vous coucher avec moi", esatebaterako, eta denek ulertuko dizute. Gaztelania bera ere oso internazionala da. Esan munduko edozein bazterretan "Aserejé ja deje ejebe to the jerebe say nouva majabi on the booguie and the buguiribi" eta tira, ligatu agian ez duzu ligatuko, baina zutaz gogoratuko dira. Baina joan zaitez atzerrira, esaiozu norbaiti: "Nik zu zaitut maiteago arraitxoak ura baino", eta pub-etik botako zaituzte, kasurik onenean. Ez, euskerak ez da oraindik bere goien gradora igo. Eta guk ere Etxeparek zioen bezala, aldarrikatu nahi dugu : "Euskera, jalgi hadi plazerrera "

Bukatzeko, eta barre-terapia honen garrantzia azkenekoz azpimarratu nahian, gogora dezagun Camaron kantari handiak (eta euskaltzale amorratua, datu hau jende gutxik dakien arren) Idiazabalgo sagardotegi batean inprobisatu zuen bertso ederra, sebillanaren doinuaz:

"Bizitzan bi gauzak digute zinez inportatzen
Trakatra traka traka trakatra trakatra.
Besteak bastertzen
goazen ba zehazten:
Bata sexoa da, bestea... ez dut gogoratzen.
Trakatra traka traka trakatra trakatra."

... eta EUSKERA

Ikuskizun (terapia) hau euskeraz idatzita dagoela esaten badugu, ez dugu egiaren parte bat baizik esan. Euskera ez da terapia (ikuskizun) honetan mezua emateko bitarteko bat.

Euskera mezuaren parte bat da, alegia, euskera ez da bakarrik edukitzailea, edukia ere bada. Euskerak (euskeraren gramatika eta fonetikak) eskeintzen dituen baliabide, sorpresa, hitz joku eta abarrei zuku guztia atera nahi diegu.

On dagigula guztioi.


"Ez Dok Hiru" Bikoteatroa